Iñaki Diéguez Akustik Trio
Euskal musikaren munduan musikari gisa ibilbide luzea duten artistak dira Iñaki Dieguez Akustik Trio taldea osatzen duten hiru artistak eta indarrak batu dituzte proiektu berri honetan. Hala, folk modernoaz gozatzeko aukera emango dute 2021 urtean eskainiko duten ikuskizun berri honekin.
Iñaki Dieguez (akordeoilaria), Angel Unzu (gitarra-bouzoki) eta Iker Telleria (perkusioa) musikariek osatzen dute formazio berri hau, eta folk moderno eta freskoaz jantzitako kontzertua eskainiko dute. Kontzertuaren errepertorioa, bere aldetik, Dieguez akordeoilariaren konposaketek osatuko dute, eta Euskal Herriko musika tradizionala jazz edo teknoarekin nahastuko da ekimen honetan.
Dieguezek azken urteetan bidelagun izan dituen “musiketan barrena egindako bidaia” da proiektu berri hau, eta Frantziako musikatik edo tangotik hasita folketik hurbil daudenetara, inprobisatutako musikatik edo jazzetik pasatuko da akordeoilaria Unzu eta Telleriaren laguntzaz. Hala, akordeoilariak azaltzen duen moduan, musikari handiekin oholtzak urte askotan partekatu ondoren, “iritsi da nire burua modu intimoagoan adierazteko unea, instrumentu apal baina adierazteko gaitasun handia duen batekin, eta nire konposizioak modu biluziagoan ezagutaraziz”.
Hiru musikarien formazio heterodoxoak eta aberasgarriak ikuspegi desberdina ematen diote folk euskaldunari, show guztiz desberdina eskainiz. Izan ere, konposizio berriez gain, ikus-entzuleek Billabonako Oinkari Dantza Taldeko dantzarien ikuskizunaz gozatzeko aukera ere izango dute, auditoriotan nahiz kalean eskainiko den emanaldian.
- Iñaki Diéguez akordeilaria, konpositorea eta moldatzailea da. Sari garrantzitsuak lortu ditu nazioarteko eta estatu mailako lehiaketetan eta kontzertuak eskaini ditu, Europa eta Estatu Batuetan zehar, besteak beste. Musikari klasiko gisa ibilbide oparoa egin ondoren, musika modernoan zentratu da, euskal musikagintzako artistekin maiz jardunez, hala nola, Pantxoa eta Peio, Gontzal Mendibil, Urko eta Amaia Zubiria. Hainbat artistaren berrogei bat diskotan parte hartu du eta film batzuetako soinu-bandetan grabatu du; esaterako, “El Olivo”, “Dantza” edota “El faro de las orcas”. Bere ibilbidean zehar, guztira bost disko editatu ditu bere izenean.
- Angel Unzu gitarrajolea, konpositorea, moldatzailea eta ekoizlea da, eta zazpi disko konposatu eta grabatu ditu. Benito Lertxundi, Jabier Muguruza, Gontzal Mendibil eta Diego Vasalloren emanaldietako ohiko musikaria da. Gaur arte. ehun bat diskotan parte hartu izan du, hainbat eta hainbat artistekin, hala nola, Benito Lertxundi, Gontzal Mendibil, Iñaki Salvador, Amaia Zubiria, Anje Duhalde, Oreka TX, Jabier Muguruza, Alaitz eta Maider, Alex Ubago, Mikel Laboa, Kepa Junkera…)
- Iker Telleria perkusio joleak ibilbide luzea du musikari gisa telebistan eta zenbait orkestra eta taldeetan parte hartu izan du (Julia León, Samar, Aupa Quartet, Iban Nikolai, Egan, Izotz, Amaia Zubiria…). Diskoen grabaketak irakaskuntzarekin konbinatu izan ditu zenbait musika eskoletan irakasle izanda, eta gaur egun Francisco Escudero Kontserbatorioan perkusioko irakasle gisa dihardu lanean.