Maddi Oihenart
Maddi Oihenart euskal herri musikako ahotsik zoragarrien, aberatsen eta zinezkoena dugu, ezbairik gabe.
Maddik beste inork ez bezala adierazi eta aberasten du Zuberoako abesteko modua. Izan ere, Iparraldean artzain-musika bizirik mantentzen jakin dute, eta zahartu beharrean, musika herrikoia, inoiz baino hobeto mantendua, errespetatua eta maitatua dago.
Maddi Oihenarten kantatzeko modua ez da genero eta estilo arauetara mugatzen: “a capella” ateratzen du bere arimatik mendietan bizi eta sentitzen duena.
Konpasa, haizeak markatzen dio. Erritmoa, naturatik, sentimenduetatik, eta bere senetik hartzen du Maddik. Eta bere ahotsa, sakontasun eta sentiberatasun iturri garbia, lur majiko eta mitikoaren lilurara entregatzen da, aldi berean euskalduna eta unibertsala den lur horretara.
Ezin liteke bestela izan, Maddi Oihenartek Zuberoako musika erakutsi diguten hainbat eta hainbat diskoetan hartu du parte. Baina bere kezka haratago doa. “Ilhargi Min” diskoan (Maddi Ohienart eta Josetxo Goia-Aribe, Metak 2003), aurrerapauso bat eman zuen bere sustraiak ahaztu gate eta jazz hizkuntzan murgildu zen, oso urrutiegi geratzen ez zaion mundua. Oso sorpresa atsegina.
Bide baten hasiera izan zen “Hari biru” (Elkar, 2007) disko eta zuzeneko ikuskizunarekin burutu zena. Hau izan zen bakarlari bezela aurkeztutako lehena.
”Hari biru” izeneko disko honek harritu eta harrapatu gintuen:; biluzia bezain dotorea, gizatiarra eta zerutiarra aldi berean, Maddiren ahots unibertsalak gure ametsen bidezidorrak argitzen dizkigu, irribarrez bere magal beroan esnatzen garen bitartean.
"Baldi", Maddi Oihenartek eta Juantxo Zeberiok sinatzen duten disko berria, Hari Biruren jarraipena da i. Oso disko samurra dugu; poesiak eta musika tresnen biluztasunak bidea ematen diote Maddi Oihenarten ahots garbi, infinitu eta pertsonalari.
Maddik eta Juantxok aukeratutako 10 abestik osatzen dute diskoa eta hitzak, berriz, euskal munduko poeta eta idazle ezagunek ondu dituzte: Kirmen Uribek, Itxaro Bordak, Leire Bilbaok, Bernardo Atxagak, Karlos Linazasorok eta Maddi Oihenartek berak idatziak dira disko zoragarri honetako poema batzuk.
Juantxo Zeberiok egin ditu moldaketa eta konposizio gehienak. Abesti bakoitza lurrin fresko eta gardenez zipriztindu du, besteak beste, folk eta jazz ukituak emanez.
Horrez gain, disko honek aurrekoak ez zuen osagai berezi bat du: Lehenengo abestian, «Nire ispilua» izenekoan, Et Incarnatus orkestrak egindako moldaketei esker, diskoa entzuten den lehen une horrek goxotasun berezia du, airezko ukitua agian, konposaketen naturaltasuna biribiltzen duten kolorez margotua.
Oraingoan ere Hari Biru diskoko taldeak leial lagunduta, Txema Garcésen kontrabaxuak eta Pello Ramirezen txelo eta akordeoiak taldeari koherentzia eta kalitate bikaina ematen diote, Maddi Oihenarten estilo puru eta pertsonalarekin erabat bat etorriz.
Kolaboratzaile bikainak ere izan dituzte diskoan; hala nola, Hasier Oleaga bateria-jotzailea eta Javier Paxariño.
Entzun bezain laster liluratu eta harrapatuko zaitu Baldik. Samurtasunak eta epeltasunak gure memoriako paisaiarik gordeenetara eramango gaituzte.
BALDI ZUZENEAN:
Maddi Oihenart: ahotsa
Juantxo Zeberio Etxetxipia: pianoa
Txema Garcés: kontrabaxua
Pello Ramirez: txeloa eta akordeoia