Telefonoa: 943 314800
syntorama@syntorama.com
Informazioa eskatu

Artistak

Harpidetu gure buletinera:

Izena:
E-maila:
Edozein zalantza baldin baduzu edota informazio gehigarriaren bila bazabiltza, deitu 943 31 48 00 telefonora edo erabili hurrengo inprimakia gurekin harremanetan jartzeko.
 Web ofiziala www.javiercorcobado.es/

Hurrengo kontzertuak
Maiatzak 31, osteguna
El Bafle Aretoa, Iruñea - Pamplona - 21:00
Ekainak 1, ostirala
Antzoki Zaharra, Donostia - 20:00
Javier Corcobado-en berriak
Javier Corcobado
Partaide egin: Comparte esta noticia en Facebook Comparte esta noticia en Twitter Comparte esta noticia en Menéame Imprime esta noticia
Javier Corcobado etsi-etsian mikrofonoari helduta dagoen gizona da. Horren bitartez bere egiak, poemak eta ipuinak kantatzen ditu, batzutan samurrak, batzutan mingarriak, gehienetan ederrak. Bere inguruan beti kea dagoela dirudi, atzealde gautiar batekin, itsasontzi batean kokatutako zirkuaren barnean ekaitzez osaturiko kopak edango balitu bezala, gutxi ibilitako ozeanoak zeharkatuz. Maitasuna eta bizitzari buruz gozotasunez, amorruz eta hauskortasunez kantatzen du. Hiri eta itsasoetako musika biziki sentikorra.

1963ko uztailaren 30ean Frankfurten (Alemania) jaio zen, herritartasun espainiarra duen arren. Bere haurtzaroa Madrilen pasa zuen. Bere lehendabiziko oroitzapena 1965.urteko “Eurovisión” jaialdian France Gallek interpretaturiko Serge Gainsbourgen Poupée de cire, poupeé de son abestia da. Txikitatik familiako bilkuretan kantatzen zuen, crooner gaitasunak erakutsiz.

Nerabezaroan rock & roll, punk eta new wave talde bat eratu zuen, Los Presumidos. Ez ziren sekula grabatzera eta zuzenean jotzera ailegatu. 1982an Cuatrocientosveintinueve Engañosekin soinu, zarata eta inprobisazioaren ikertzaile alderdia garatzen hasi zen, gerora 1983ko otsailean Rockola areto ospetsuan estreinatuko zen banda berberarekin. Urte horretan bertan armadarekin eginbeharrak bete eta Mar otra vez sendotu zuen, hiru diskoko fruitua emango zuen taldea, hain zuzen: “No he olvidado cómo jugar embarrado / Fiesta del diablo y el cerdo” (1985), “Edades de óxido” (1986) eta “Algún paté venenoso” (1987). Garai honetan musikari eta Espainian zehar emandako amorruzko kontzertu multzoari erabat lotu zen, rock & roll musikariaren bizitza muturreraino eramanez. Hamarkadetan zehar Mar Otra Vez talde kultu bezala ikusia izan da, bere singulartasun eta ausardiagatik, bai letren eta bai musikaren aldetik.

1988an distortsio eta blues kutsukoa den beste bilduma bat moldeatu zuen, elektrikoa eta amorruzkoa: Demonios Tus Ojos, urte bateko iraupena duena, non disko homonimo bat argitaratzen duten, Espainian zehar birak eginez, Sonic Youth taldearekin Madril eta Bartzelonako antzokiak partekatuz. Hurrengo urtean, 1989an, Agrio Beso albumarekin bere bakarkako ibilbideari ekin zion, non bere alderdi melodikoa beldurrik gabe askatzen duen, Nino Bravoren Puerta de amor abestiaren bertsio batekin, eta Desde tu Heridaren konposaketarekin, bere betiko kanta onenetarikoa; bere new wave izaera alde batera utzi gabe.

1990an bere banda Corcobado y Los Chatarreros de Sangre y Cielo bezala bataiatu zuen, bere disko trinko eta konplexuena konposatuz: Tormenta de Tormento (1991), Ollie Halshallek produzitua. Chatarra de Sangre y Cielo izeneko lehendabiziko poema-liburua urte horretan kaleratu zuen, bere aurkezpenean Javierrek poema horiek errezitatu zituelarik, aldi berean tatuatua zen bitartean.

Momentu horietan Mexikon bidea egiten hasi zen, 1992an lehendabizikoa joan zelarik, Javier Arnal orduko bere gitarrarekin. 1993an banda osoarekin itzuli zen, lau kontzertuko bira txiki bat gauzatzeko xedearekin, bertan gaurko egunera arte emankorra den hazia landatuz.

Laurogeiko hamarkadaren bukaeraz geroztik, eta laurogeita hamargarren hamarkadan zehar, hainbat estilotako artista askok Javierren poesia eskatzen zuten, letra forman beraien kantuetan sartzeko: Esclarecidos, Clónicos, Andrés Calamaro, Spring, Ana D., Justo Bagüeste, Susana Cáncer, Nacho Laguna, José Luis Moreno-Ruiz, etab. Halaber, El Europeo, El Canto de La Tripulación edo Noise Club bezalako argitalpenekin kolaborazioak egin ziuen. Chatarrero de Sangre y Cielorekin beste bi disko grabatu zituen: Ritmo de Sangre (1993), non riff obsesibo batekin eraikitako 21 minutuko kantua dagoen, eta Arco Iris de Lágrimas (1995), bere disko erabateko, egoki eta desira handienetakoa duena.

Aurreko bi diskoen paraleloan, bolero estiloko disko bana grabatzeko ausardia izan zuen, Boleros enfermos de amor volumen 1 eta 2. Demetrio, Acereto, Manzanero, José Alfredo Jiménez… artisten kantuekin, Justo Bagüesteren zuzendaritzapean, Corcobado y Cría Cuervos izenarekin. 1994an Bruselaseko Mediterranear Zinema-Jaialdiko irekitze galan jardun zuten. Urte horretan bertan, El sudor de la pistola 13, bigarren poema-bilduma argitaratzen da.

Laurogeita hamargarren hamarkadaren bigarren zatian, Manta Ray talde asturiar sendoak, non Nacho Vegas gitarrista zen, El Crack produkziorako Javierren laguntza eskatu zuten. Azkenean kolaborazioa LP baten grabazioan bihurtuz, Diminuto Cielo (1996), Espainia guztian egindako bira bat barne.

1998 bukaeran Corcobator disko “trabestia” grabatu zuen. Mende aldaketarekin batera A Coruñan bizitzea erabaki zuen, non bere idazle eta argazkilari fazetak lantzen dituen, musika mundutik denboraldi baterako baztertuz.

Konposizio eta agertokietarako itzulera Mexiko D.F.-en egin zuen, 2001ean. Bere bizilekua bertan finkatu zuen, mexikarrez osaturiko banda bat eratuz, hiriko hainbat aretotan aurkezpenak egin eta harrigarria den arrakasta lortuz. Aipatzekoak dira La Victorian emandako bi kontzertu ahaztezinak. Garai honetan bere aro berria irekiko zuen albuma konposatu eta grabatu zuen: Fotografiando al corazón (2003), Gerry Rosadok produzitua. Bukatutako lana besapean zuela Espainiara itzuli zen, bere edizioa lortu eta Cabo de Gata (Almeria) inguruan kokatuz, non bere lehendabiziko eleberria idaztera dedikatu zen, El amor no está en el tiempo, Tropismosek 2005ean argitaratua, eta italiarrera itzulia Gran Vía en Milanen edizioarekin. Hiri honetan bere liburuaren aurkezpena eta bere taldearekin kontzertu bat eskaini zituen. Gero bere etxea grabaketa estudio batean bilakatu zuen, Fino Oyonarteren laguntzarekin. Emaitza LP bikain bat izan zen: Editor de sueños (2006), Espainia, Mexiko, Italia eta Venezuelan egindako bira luzeak ekarri zituenak. Ia aldi berean, Juan Navarro dramagile ausart eta aktore grinatsuak, Agrio Beso (Javierren bakarkako lehendabiziko diskoaren izenburua) izeneko antzezlan batean parte hartzeko proposamena mahai gainean ipini zion, bere kantu, presentzia eta bere musikarietako batzuei balioa ateratzeko asmoz. Lan hau Bartzelona. Madril, Santiago de Compostela, Valentzia eta Santanderren antzeztua izan zen, ikusleen aldetik onarpen bikaina jasoz. Gutxi barru, 2007an, El Gaviero poesia editorialak Javier Corcobadoren antologia poetikoa argitara atera zuen: Yo quisiera ser un perro. Bildumak bere lehendabiziko bi poema-liburuak biltzen ditu, baita Perpetuo viaje sin hogar, Mexikon igarotako denboraren fruitua, Edad Sol, 1996an idatzitako liburu argitaragabea, eta Cabo de Gata-Nijar parke naturalean idatzitako Los poemas de Almeria ere. Javier Corcobadoren azkeneko poema-liburuak Cartas a una revista pornográfica viuda du izena, 2009ko irailean Arrebato Librosek editatua.

2008ko udan Javier Mexikora itzuli zen, berriz ere Gerry Rosado eta bere Intolerancia diskoetxearekin batera A nadie grabatzera. Grabaketak irauten duen bitartean Puebla, D.F. eta Guadalajaran kontzertu sorta batzuk egin zituen, crooner handi baten ospea hartuz, eta mexikar ikusleen maitasuna jasoz, horren adibide garbia Metropolitan aretoan 3000 pertsona bildu izana. Javierren iritziz A nadie da bere ibilbideko diskorik hoberena, gainditzeko langa benetan handia. Lehendabiziko edizioan Javierrek 2004an Mexikon egindako biran oinarritutako DVD bat ekartzen du: Notas discontinuas de Mexico, Rebeca Crespok errealizatua. A nadieren birak, 2009an PIASen argitalpenaren ostean, Javier Corcobado eta bere banda (zenbakiz urria baina orkestra handia, berak esaten duen bezala) penintsulako leku andanatara eraman zuen: Gaztela-Mantxa, Madril, Galizia, Aragoi, Katalunia, Euskadi, Andaluzia, Murtzia, Valentzia…

2009ko azaroan Mexikoko Auditorio Nazionaleko El Lunarion bi kontzertu gogoangarri egin ziren, halaber, eta leku berberean, UNAM unibertsitateko Ahoz gorako Poesiaren Jaialdiaren barnean poema errezitaldi bat ere. 2010eko apirilean Javierrek 6000 ikusle baino gehiagoren artean, Mexikoko Vive Latino jaialdiaren barnean, kontzertu itzel bat eskaini zuen.

Gutxi barru gauza oso garrantzitsu bat gertatu zen ibilbide zabaleko musikari handiarentzat: Espainiako Musika Sarietan, “Rock alternatiboa” sailean, A nadie diskoa 2009ko diskorik onena bezala aukeratua izan zen.

2010eko abenduan Madrileko Patio de la Casa Encendidan emandako kontzertuarekin A nadie birari amaiera bikaina eman zitzaion, sarrerak salgai jarri ziren egunean bertan guztiak agortuz.

Orainari so eginez, Javier Corcobadok disko berri bat editatu du: Luna que se quiebra sobre la tiniebla de mi soledad. Espainian PIASek eta Mexikon Intoleranciak argitaratuak. Berak horrenbeste amestutako bertsio bilduma da, non errespetu, maitasun, samurtasun eta indarrarekin bere artista gogokoenetariko batzuk interpretatzen dituen: Caetano Veloso, Serge gainsbourg, Frank Sinatra, José Alfredo Jimenéz, Spacemen 3, Fred Astaire, Agustín Lara, Manuel Alejandro eta Astrud Gilberto. Bere ohiko musikarien laguntzarekin: Susana Cáncer, Jesús Alonso, Fino Oyonarte, Juan Pérez Marina, eta abaguneaz baliatuz kolaborazio oso aproposekin, Mariona Aupí, Josu Urkidi edo Gonzalo Lasheras, besteak beste. Formatu orkestral edo elektriko honekin egingo du Espainian eta Mexikon izango den aurkezpen biraren zati handiena. Nahiz eta formatu akustikoak jarraituko duen, Susana Cáncer piano jolearen edo bere musikarietako baten laguntzarekin. Lehendabiziko hiru aurkezpenak benetan arrakastatsuak izan dira: Jimmy Jazz (Gasteiz), Auditorio Conde Duque (Madril), sarrera guztiak agortuta, eta Mexikoko D.F.-ko El Plaza Condesa, ikusle andanarekin.
Partaide egin: Comparte esta noticia en Facebook Comparte esta noticia en Twitter Comparte esta noticia en Menéame Imprime esta noticia

Informazio korporatiboa - Lege Oharra - RSS


Telefonoa: 943 314800 / Fax: 943 215788
SYNTORAMA

Portuetxe kalea 53ª, 1º, 104 bul. solairua
20018 Donostia
© Syntorama 2011. Eskubide guztiak erreserbatuak